Kimutx

Izakien astea

Bazen behin,
Aiako Harriaren txokoren batean,
basoaren erdian bizi zen iratxo maitagarri bat...

Izakiaren astea

Bazen behin, Aiako Harriaren txokoren batean, basoaren erdian bizi zen iratxo maitagarri bat... Kimutx. Natura maite zuen eta basoko izaki guztiekin harmonian bizitzea gustatzen zitzaion. Egun batean, basoko eskolara joatea erabaki zuen basoaz eta naturaz gehiago ikastera eta lagun mordoa egin zuen han.

Kataxulo leizean biltzen ziren denak eta Amalurrek laguntzen zien inguruko sekretu guztiak ezagutzen. Natura gozatzen eta errespetatzen ikasten zuten, jolasten, abesten, maitatzen...

Kimutxek izugarri maite zuen eskola, eta eskolako lagun berriak ere bai. Gogoz jaikitzen zen egunero, gosaldu eta jantzi ondoren, eskolarako behar zituen gauzak hartu eta Kataxulorantz abiatzen zen amarekin, aitarekin, amonarekin, izeba-osabekin edo zaintzailearekin. Berdin zitzaion, guztiak maite zituen eta guztiekin egiten zuen gustura bidea kantari.

Goazen azkar, goazen azkar,
korrika eskolara,
lagun guztiak gure zain
egongo dira jada!
Lagunak eskutik heltzen
ditugu indar estuz,
bizitza dantzatuz eta
zoriona abestuz.

Jolasten ikasten,
ikasten jolasten,
koloretako
mundu bat marrazten.

Jolasten ikasten,
ikasten jolasten,
koloretako
mundu bat marrazten.

Plastilinazko ametsak,
paperezko loreak,
nahi dugunean bihurtzen
ditugu koloreak.

Jolasten ikasten,
ikasten jolasten,
koloretako
mundu bat marrazten.


Kataxulora iritsi eta lagun guztiak agurtzen zituen gustura. Amalur ere maite zuen, naturaz ia guztia zekien, eta goxo-goxo azaltzen zien; izaki guzti-guztiak maite zituen. Zoragarria zen. Astero gai desberdin bat lantzen zuten eskolan: zuhaitzak, landareak, harriak... baina aste hartan, gauza oso berezi bat proposatu zien Amalurrek. Izakien Astea ospatuko zuten.


- Baina zer da izakien astea? - Akerrek zalantzati.
- Izaki desberdinei buruzko gauzak ikasiko ditugu aste honetan.- Amalurrek goxo-goxo.
- Eta ze izaki? - Norak.
- Zuek. Zuek izango zarete aste honetako gaia.
- Baina, guk badakigu zer garen!
- Tartalo, ba nik ez dakit zergatik duzun begi bakar bat. - Laienek lotsaturik.
- Ixo! - Tartalok haserre.
- Horregatik. Gu guztioi buruz gehiago jakiteko ospatuko dugu Izakien Astea. Nolakoak zareten, nola sortu zineten, non bizi zareten, zuen arbasoak zein ziren... kontatuko duzue bakoitzak eta horrela, denok jakingo dugu elkarri buruz gehiago. Zer iruditzen?
- Primeran! Iratxoak oso interesgarriak gara! -Kimutxek poz-pozik.
- Eta txikiak... - Akerrek.
- Egunak banatuko ditugu eta zer egin behar duzuen azalduko dizuet...


Horrela hasi zen guztia. Erronka berri bat: Izakien Astea. Ilusioz hartu zuten ikasle guztiek eta euren etxeetan galdetu zuten beraiei buruzko informazio guztia. Eta egunez egun bakoitzak bere istorioa kontatu zuen...